2010-11-18

LAURA MINTEGIk Gara egunkarian idatzitako artikulua

Zahartzaroaren xarma eta kartzela.

Egun batean 75 urte izango ditut, eta seguru asko, nire etxean biziko naiz. Erretiro-pentsio txikia jasoko dut eta nitaz profitatuko dira seme-alabak beraien seme-alabak zain ditzadan. Bakarrik biziko naiz, egoera ekonomikoaren aldetik apur bat estu, beldurra izango diot burua galtzeari eta ez dut bisita askorik jasoko. Ilobak oso noizbehinka hurbilduko dira nirera, semea noiz edo behin, eta alaba sarriago etorriko da. Praktikan, bera izango da nire kargu hartuko duen bakarra autonomia galtzen noan heinean. Hori diote estatistikek. Bestela pentsatu nahi badut ere, horrelakoa da aurrean dudan etorkizuna, estatistikek ez dutelako huts egiten. Baten errealitatea islatzen ez badute, hurkoarena asmatuko dute bete-betean.

Estatistikak gora-behera, ezin dugu asmatu nola biziko garen 80 urte izandakoan. Ez dakigu nola biziko garen, ezta nolakoak izango garen ere. Gu ez garen beste pertsona bat izango gara dozenaka urte barru. Zahartzaroan izango garen pertsona horrek iragana eraiki du gure orainarekin, baina ez da nahikoa jakitea nolakoa den oraina, gerokoan nolako memoria izango dugun jakiteko. Memoria ez baita elikatzen egiatan gertatu diren gauzekin, baizik eta gertatu diren gauzak nola bizi ditugun sentipenarekin. Ezer ez dugu gogoratuko izan den moduan. Ziur asko ez dugu gogoratuko sasoi honetan eguna betetzen digun ardura. Errotuta izan dezakegu, ordea, gaur ustekabean pasatzen ari den hori.